Zer da Zientzia Astea?
Zientzia Astea zer den? Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea da, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen du, inguruan dutenari buruz jakin-mina duten guztiek –gazteek zein helduek, umeek zein nerabeek– aukera izan dezaten zientzia lanbide dutenekin zientzia ikusi, entzun, sentitu eta horretaz berba egiteko.
Azken hilabeteetako egoera sozio sanitarioaren bilakaera positiboak hainbat pauso ematera bultzatu gaitu, baina zuhurtziaz jokatuz. Edizio honetan, hiru lurralde historikoetako egoitzak berreskuratu ditugu. Horietan, aurrez aurreko jarduera batzuk programatu dira, baita jarduera birtual ugari eskaini ere.
Tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, monologoak, irteerak, bisita gidatuak eta hamaika gauza gehiago aurkituko dituzu Bilboko Bizkaia Aretoan, Donostiako Tabakaleran, Vitoria-Gasteizko Bibat Museoan eta Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan, azaroaren 3tik 7ra, XXI. Zientzia Astean. Horrekin batera, online jardueren eskaintza interesagarria duzu. Edozein pertsonaren eskura jartzen dugu zientzia, edozein unetan eta edozein lekutan.
Jakin-min apur bat, eta ondo pasatzeko gogoa, ez duzu gehiagorik behar Zientzia Astera hurbiltzeko. Ziur gaude zientziek harritu egingo zaituztela, aurrerantzean ez diezu lehengo modu berean begiratuko. Botanika, matematika, fisioterapia, arkeologia, dendrokronologia,astronomia, genetika eta kirola, kimika, telekomunikazioak, robotika, historia, pintura, ingeniaritza, fisika, biologia, biomimetika… Zientzia Astean hurretik eta modu praktikoan ezagutuko dituzun zientzia arloetako batzuk besterik ez dira.
Zatoz edo konekta zaitez! Hemen, etxetik oso hurbil, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean egiten diren ikerketak eta esperimentuak ikusi eta egin egingo dituzu. Zientzialari eta ikertzaileekin hitz egiteko aukera izango duzu, zalantzak argitu eta asko ikasteko ere. Zure adina edozein dela, ziur interesatzen zaizun zerbait topatuko duzula, eta txundituko zaitu. Ez duzu aitzakiarik.
Zure zain gaude!